Jone Amezaga atxilotu du Ertzaintzak Gernikan, bizimodu publikoari ekin dionean

Jone Amezaga atxilotu du Ertzaintzak Gernikan, bizimodu publikoari ekin dionean

Ratio: 0 / 5

Inicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivadoInicio desactivado
 
Share to Facebook Share to Twitter Share to Google Plus

Asteburu osoan Gernikan jaso duen elkartasunaren ondotik, Jone Amezaga berriro agertu da kalean gaur goizean, bizimodu publikoa eginez. Ertzaintzak ez du itxaron eta, merkatuan atzeman ondoren, berehala eraman du Errigoitiko gaztea, espetxera, pankarta batengatik 18 hilabeteko zigorra betetzera. Amezagak esker hitzak izan ditu babestu dutenentzat.

 

Hemezortzi egun ezkutuan egin ostean, Jone Amezaga larunbat arratsaldean agertu zen eta igandean ere Gernikako kaleetan ibili zen. Asteburu osoan zehar Errigoitiko gazteari sostengua adierazteko ekimen andana burutu dituzte herrian. Gaur «goizean goizetik aurrera Jone libre» biziko zela iragarri zuten, eta halaxe izan da.

Goizean agertu da berriro Amezaga kalean, bizimodu publikoa egiten. Kafe bat hartu du lagunekin eta ondoren merkatura joan da. Asteburuan bezala, herritarren eta gertukoen babesa jaso du, baita EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkidearena eta Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantearena, besteak beste.

Ertzaintza berehala agertu da herrian eta, Amezaga merkatuan zegoela, postuen artean, atxilotzera joan dira kalez jantzitako poliziak hasieran eta Brigada Mugikorreko ‘beltzak’ ondoren. Guztien artean segituan eraman dute Errigoitiko gaztea, ingurukoen aurka gogor oldartu ostean. Polizietako batek zabal daitekeen borra bat erabili du jendea baztertzeko eta Arzuagak eta han zeudenek horren kargu hartu diotenean lurrera bota dute parlamentarioa. Tentsio une handiak izan dira eta azkenean Amezaga lurretik arrastaka eraman dute ertzainek. Bere gurasoen aurka ere oldartu dira. Topatu.info-k eginiko bideo honetan ikus daiteke merkatuan gertatutakoa:

Jone Amezagaren esker ona

Amezagak berak, atxilotu aurregik grabatutako bideoan, esker oneko hitzak izan ditu babestu dutenei eta egindako lana ez dela «alferrikakoa» izan nabarmendu du. «Zuek egin duzue posible nik libre bizi ahal izatea», esan du. Epaiketa politikoen aurka eta «herri hau libre izan dadin» konpromisoak biltzen jarraitzeko deia egin du gazteak.

Arratsaldeko 20.00etan manifestazioa deitu dute Gernikan, Merkuriotik abiatuta.

Pankarta batengatik hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra bete beharko du Amezagak. Auzitegi Nazionalak hamar eguneko epea eman zion bere kabuz kartzelara joateko, baina Ertzaintzak hala eskatuta, bilatze eta atxilotze agindua eman zuen Auzitegiak.