Marta Harnecker "Jenderik gabe ez dago sozialismorik"

Marta Harnecker "Jenderik gabe ez dago sozialismorik"

Share to Facebook Share to Twitter Share to Google Plus

Inbidia ematen didate bi lagunen aurrean, 200.000ren aitzinean bezainbateko suhartasunez hitz egiten dutenek. Inbidia, “para nosotros siempre es 26” kantatuz bizi direnek.

Louis Althusser.

Begiak irekiarazi zizkidan. Acción Universitaria Católica-ko lehendakari iritsi nintzen Frantziara, fedea pitzatzen hasita, eta marxismoa lantzeko xedez. Determinismoak, mekanizismoak eta materialismoak kriki-kraka eragiten zidaten arren, Althusser-ek marxismo ezberdin bat irakatsi zidan, jendartea ulertzeko balio zidan marxismo bat. Kristau gisa jendeak elkar maite zuen gizarte solidarioa nuen amets, eta marxismoak, berekoikeria eta lehiakortasuna sustatzeko partez, pertsonen arteko maitasuna errazten zuen egitura berri baten beharraz ohartarazi ninduen. Bestalde, Althusser-i zor diot klasikoak ikertzeko metodoa. Etengabe azpimarratzen zidan garaiaren pentsamendua konprenitu behar zela autorearen hitzen zentzua jakiteko, sasoiaren arabera esanahi ezberdina baitute eleek. Hala, argi dut Althusser-ek borrokarako instrumentu bat erakutsi zidala, ez ponpoxokeria esnobista intelektual bat. Pentsa, Hego Amerikan, marxismoaren interpretazio althusserianoa muineraino barneratua izan dela liberazioaren teologiatik hasi eta borrokarekin konprometitutako ezkerreraino.   

Paristik Txilera bueltan, langile eta nekazarien formakuntzan konprometitu zinen.

Conceptos elementales del materialismo histórico famatua idatzi nuen 1969an, eta unibertsitateko irakasle izateko liburu bat idatzi izana doktoretza baino gehiago baloratzen zenez, marxismoaren lehen katedra egituratzen hasi nintzen. Aldi berean, alderdi sozialistako militante izanik, formazio klaseak ematen nituen. Besteekin konparatuz izugarrizko jakintza antsia zeukaten langile eta nekazariek. Euren egunerokoan aplikatzeko moduko kontzeptuak nahi zituzten, ez lainoen formaren inguruko eztabaidak. Teoriari praktika eranstea izan zen niretzat, esperientzia ezin aberasgarriagoa, eta ordutik dut ideia jakintsuena ere ikasketa akademikorik ez duen jendearengana helarazteko obsesioa.

Egun, ideologikoki behar bezala formatzen da langileria? Intelektualak ez ote dira euren artean ari?

Formakuntzaren krisia ez da gaurkoa. Sozialismoa jaustean, eszeptizismoak kolpatu zuen ezkerra, eta antolaketa molde berrien bila hasita, buruzagiek ahantzi zuten formazio marxista bat jaso zutela, eta formakuntzaren arazoari heltzen ez zioten egitura zabalak ezarri zituzten plantan. Ondorioz, zer gertatu den? Oso mugimendu interesgarriak sortu direla, Kolonbiako M-19a kasu, baina erreleboa emateko tenorea iristean akabo festa! Niretzat munduko fenomeno interesgarriena den Brasilgo Lurrik Gabeko Mugimenduak, aldiz, sekulako apustua egin zuen formazio eta transmisio eskoletan, Hego Amerikako laborari guztiei eta mugimendu urbano anitzi laguntza eskainiz. Ezinbestekoa da aurrez urratutako bidea ulertzea, egiten ari garenari eta egin nahi dugunari buruz iritziak trukatzea, eta dudei buruz eztabaidatzea. Intelektualek diotena baino gehiago inporta zait Hego Ameriketan agertzen ari den jakintza antsia. Zoritxarrez, ez baitugu aski irakasle berau asetzeko.    

Nola transmitituko zenituzke Berlingo harresiaren erorketa eta sozialismo errealaren azkena?

 Nik une hartan Txileko unibertsitatea utzi nuen ezkerreko aldizkari baten zuzendaritza hartzeko. Bertan, iristear zen estatu kolpea aurreikusi eta salatu genuen, eta Allende derrotatu zutelarik, erremediorik gabe erbesteratu behar izan nuen. Sozialismoaren porrotak arazo eta kontraesanak loratu zituen nigan. Argi daukat inork bere sentitzen ez zuelako jausi zela hain fite. Etsipen putzu hartatik jalgitzeko, ezkerraren krisia pairatu arren nondik ekina bazegoela frogatzen zuten esperientzietan jarri nuen begia. Beste jendarte modu baten haziak ikusi nituen, boterea jendearengan delegatzen zuten gobernu garbi eta gardenak. Era berean, krisiak liburuekiko errezeloa ekarri zuen, eta formakuntza metodo berriak behar genituen. Orduantxe jabetu nintzen askoz jende gehiagorengana heldu nintekeela istorioak kontatuz kontzeptuen antolaketaren bidez baino, praktikatik abiatzea beti dela eraginkorragoa. Horregatik, ezer transmititzekotan, borroka eta formazioa ez direla inoiz bukatzen transmitituko nuke. Memento goxo zein zailetan, beti jo behar dela aitzina.  

Marxismo bera al dira gobernuarena eta oposizioarena?

Brasilgo esperientzia lokalak ikertzen hasi eta gobernuan zeuden eta ez zeuden alderdikideen artean sekulako kontraesanak zeudela jabetu nintzen. Ondo bidean, gure pentsaerak alderdiari onartzen dizkio bisioa eta ekinbidea, baina alderdiak denbora gehiegi pasatzen du eztabaidatu eta erabakitzen, eta gobernuak epe laburreko erantzunak behar ditu. Horri gehitzen badiozu jende gaituena alderdian egon beharrean gobernuan dagoela, nola ez dira talkak egongo? Horri aurre egiteko modu bakarra etengabe jendea trukatzea da, gaur gobernuan dagoena bihar alderdira pasatzea, eta alderantziz. Errazena da egoskortu eta norbere aulkiari azazkalekin heltzea, baina postu bateko urte batzuetako esperientziak baino gehiago balio du argazki orokorraz jabetzeko ahaleginak. Izan ere, gizarte mugimendu baten dinamikak ez dauka zerikusirik gobernu batenarekin, eta beti sortuko dira kontraesan eta kriki-krakak. Horregatik, ezinbestekoa da gobernuek presio eta kritikak onartzea, eta herriari garbi aitortzea: “Bakarrik ez naiz deus, zuek antolatuta egotea behar dut, nire akatsez ohartaraztea, akuilatzea...”. Ez da ahantzi behar ezkerreko gobernu oro berak berez eraikiko ez lukeen aparatu batean dagoela.

Nola artikulatu behar du ezkerrak?

Alderdi modeloak kopiatuzaleak izan gara, baina Hego Amerikan garbi daukagu tresna politiko berri bat sortu behar dugula. Horrek ez du esan nahi alderdien berreskurapenean sakondu behar ez dugunik, politika ulertzeko manera eta dinamika aldatu behar ditugula baizik. Izan daiteke gizarte mugimenduek egun dutena baino askoz rol garrantzitsuagoa luketen frente zabal bat, izan daiteke sare bat, izan daiteke... Tresna hori birpentsatu behar dugu, ezkerreko alderdiak ukatzen hasita gure ideiak egituratzeko tresnarik ez dugula behar sinestera heldu baikara. Zer gertatu da, alta, munduan barna sortu diren mobilizazio erraldoiekin? Artikulatu ezean, emaitzarik gabe agortu direla. Kapitalismoa bezain etsai boteretsu baten aurrean, derrigortuta gaude antolatzera, horrek soilik irekiko digu une erabakigarrietan ekintza erabakigarriak gauzatzeko atea. Tresna horrek tokian tokiko errealitatera egokitu beharko du eta aldaketa sustatu. Herrialde batzuetan dagoena egituratu beharko da, beste batzuetan hutsetik sortu, baina akats handia da mugimendua alderdiaren menean edukitzea. Mugimenduarena da hitza, eta buruzagiek agintari baino herri-hezitzaile izan behar dute.

Horretarako gobernuek ez al lukete kritika soziala bultzatu eta gobernatzearen mugen pedagogia landu behar?

 

Sustrai Colina